×

Apartheid israeldarrik gabeko gunea (AIGG)

Zerrenda: Apartheid israeldarrik gabeko gunea.

Apartheid Israeldarrik Gabeko Gunea (AIGG) bereizgarria #NikEZdutApartheidErosten kanpainaren barruan sortu dugu; kanpaina hori Israelek Palestinan legez kanpo eraikitako harresiaren kontra Hagako Auzitegiak egindako txostenaren 10. urteurrenean jarri zen martxan. Bereizgarria oinarri duen ekimenaren helburua da gure auzo, herri eta hirietan sistema kolonial eta apartheid israeldarra babesten (edo pasiboki sustatzen) ez duten guneak sortzea, merkataritza-, kultura-, politika-, kirol-, akademia- eta gizarte-guneak, alegia. Israelgo estatua, ofizialki, 1948an hasi zen Palestina okupatzen. Palestinarrentzat luze eta odoltsuak izan dira azken 66 urteak, okupazio hori historiako bidegabekeria politiko luzarokoenetako bat baita.

Espacio Libre de Apartheid Israelí (ELAI)

Sello Espacio Libre de Apartheid Israelí (ELAI).

Bereizgarri hori apartheid israeldarraren kontrako Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra (BDZ) izeneko elkartasun-kanpaina global, ez-biolento, antiarrazista eta solidarioaren barruan sortu dugu, kontzientzia politikoko uharteak sortzeko eta Espainiako estatuko hainbat lekutan Apartheidik Gabeko Guneak sortzeko asmoarekin. BDZ kanpaina 2005ean jarri zen martxan, Palestinako gizarte zibilaren baitan: ia 200 erakunde sozial, GKE, alderdi politiko eta sindikatuk manifestu bat sinatu eta argitaratu zuten. Horretarako, Hego Afrikako apartheidaren kontrako nazioarteko kanpaina hartu zuten oinarri, funtsezkoa izan baitzen erregimen arrazista hura deuseztatzeko.

Nazioarteko gizarte zibilak Palestinak emandako erreleboa hartu du eta kanpaina mundu osora zabaldu da; elkartasun politikoa sortzea da asmoa, arazoari muinera jota aurre egitea. Xedea da Palestinako herriari haien giza, berdintasun eta autodeterminazio eskubideen alde borrokatzen laguntzea. Hauek dira BDZ mugimenduaren helburuak: lehena, Israelek 1967an legez kanpo hartutako lurren, alegia Zisjordania, Jerusalem ekialdea eta Gazako zerrendaren okupazioa amaitzea; bigarrena, Palestinara bueltatu ezin duten 7,5 milioi errefuxiatuek itzultzeko eskubidea izatea; eta hirugarrena, Israelen arabiar-palestinar herritarren berdintasuna aitortzea.

Arazoaren ardatza sionismoa da. Izan ere, proiektu politiko horren asmoa da Palestinan judutarrena ez beste inorena izango den estatu bat eraikitzea eta, horretarako, lurralde palestinarrak okupatzea eta kolonizatzea, kolono judutarrak eta bertako biztanle palestinarrak bereiztea eta biztanle palestinar horiek Palestinatik kanporatzea, mendean hartzea eta akabatzea. Sionismoaren arabera, Israelgo estatua herritar batzuen zerbitzura eta beste batzuen kontra dago, eta, Israel eraiki nahi bada, palestinar herria deuseztatu beharra dago.

Aurtengo udaran Israelek gogor eraso du Gazako zerrenda: 2.160 pertsona hil ditu, horietatik 527 haurrak, eta milaka etxe eta azpiegitura zibil suntsitu ditu (ospitaleak, eskolak eta NBEko babeslekuak barne). Eraso anker hori aipatu proiektu politikoaren ageriko beste adierazgarri bat da. Gainera, israeldarrak okupazioa zabaltzen eta finkatzen ari dira Zisjordanian eta Jerusalen ekialdean, kolonien, harresiaren eta kontrol militarren bitartez. Horregatik guztiagatik eta, baita ere, atxiloketa masiboengatik, palestinarrek ezinezkoa dute bizimodua normal egitea. Israeldarrek, haien ekonomia gerraren, okupazioaren eta apartheidaren bitartez sustatzen duten bitartean, Palestinako merkatua bahitzen, kontrolatzen eta itotzen jarraitzen dute.

Palestina suntsiketa mapa

Palestina suntsiketa mapa.

Arlo ekonomikoan BDZ kanpaina oso garrantzitsua da, Europa baita Israelen bazkide komertzial nagusia. Mundu osoko elkartasun-mugimenduaren presioari esker, BDZ kanpainak arrakasta handia izan du. Esate batera, Veolia enpresa frantsesak Palestinako okupatutako lurraldean tranbia israeldar bat eraikitzeko proiektua atzera bota behar izan zuen. Halaber, nekazaritza-elikagaiei dagokienez, nekazaritza-produktuak esportatzen dituen Agrexco enpresa likidatu eta haren ordez beste bat jarri behar izan zuten, Mehadrin esportazio-enpresa publiko israeldarra, hain zuzen ere. Orobat, Holandako ur-enpresa handienak, Vitensek, Mekorot enpresa israeldarrarekin harremanak izateari utzi zion, Mekorotek okupatutako lur palestinarretako legez kanpoko koloniak urez hornitzen zituelako. Horrez gain, desinbertsioei dagokienez, Norvegiako eta Holandako pentsio-funtsek atera egin zituzten enpresa eta banku israeldarretan zeuzkaten inbertsioak, lur palestinarretako koloniei laguntzen zietelako.

Europan, ekoizpen- eta inportazio-enpresek eta enpresa handizkariek produktuak nondik datozen jakinarazi behar diete merkatariei, nahitaez. Maiz, ekoizle eta esportatzaile israeldarrek “Israelen egina” etiketa erabiltzen dute, legeari iruzur eginda, okupatutako palestinar lurretako kolonia israeldarretan egin edo landutako produktuak merkaturatzeko. Kolonia horiek legez kanpokoak direnez, Espainiako Gobernuak, 2014ko ekainean, herritar eta enpresa espainiarrei ohartarazi zieten asentamendu horiekin ekonomia- eta finantza-harremanak izatea arriskutsua izan daitekeela lege, ekonomia eta irudi aldetik. Gauzak horrela, produktu israeldarrak ez merkaturatuz, merkatariek nazioarteko eskubideen urraketaren konplize izateari eta kontsumitzaileak engainatzeari uzten diote. Kontsumitu behar ez ditugun produktu eta markak zein diren jakiteko, web-gune hau kontsultatu besterik ez dugu: http://www.boicotisrael.net/productos.

Apartheid Israeldarrik Gabeko Gunea bereizgarriaren bitartez, denda, azoka eta kontsumitzaileei elkartasuna adierazteko aukera ematen diegu, karitateaz eta adabaki humanitarioez harago. Arazoaren errora jotzea eta palestinar herriaren giza eskubideak defenditzen dituen mugimendu global batean parte hartzea proposatzen diegu. Mugimendu horrek, produktu israeldarrei boikot eginez eta Israelgo apartheid-politikak salatuz, Israel nazioarteko legeak betetzera behartzen du.

Hona hemen Apartheid Israeldarrik Gabeko Gune izan nahi duten denden zereginak:

  1. Kanpainari formalki atxikitzea eta RESCOP sareari dendaren datuak ematea, nahi izanez gero Apartheid Israeldarrik Gabeko Guneen zerrendan sartzeko.
  2. Kontsumitzaileei kanpainaren berri ematea, dendan edo lokalean bereizgarriaren pegatina jarrita, ondo ikusteko moduan.
  3. Israeletik edo palestinar lurretan legez kanpo eraikitako kolonia israeldarretatik datozen produkturik ez saltzea eta ez erostea.

Behin kanpainarekin bat eginda, dendariek bereizgarria erabili ahal izango dute, giza eskubideak, gizakien arteko berdintasuna eta herrien autodeterminazioa errespetatzen dituztela eta horiek babesteko konpromisoa hartu dutela adierazteko. Bereizgarria eskuratu nahi baduzu, idatz iezaguzu helbide hauetakoren batera: causapalestina@gmail.com eta boicotisraelbds@gmail.com.

Mapa AIGG

Zerrenda.