6 ekintzaile inputatu eta 18000 euro isunetan. Palestinarekiko euskal elkartasuna jomugan
6 ekintzaile inputatu eta 18000 euro isunetan; horixe da, oraingoz, Euskal Herrian Palestinarekiko elkartasun mugimenduak Tel Aviveko Maccabiren aurkako boikot ekintzengatik pairatu duen jazarpenaren emaitza. Israelgo kirol enbaxadoreak Gasteizen Baskoniaren oholtza bisitatu dituenetan egindako protesta ekintzek eragin dituzte zigor horiek.
Tel Aviveko Maccabik eskuartze zuzena dauka armada israeldarraren gerra krimenei zilegitasuna emateko kanpainian, eta horregatik azken urteotan Israelen aurkako nazioarteko Boikot, Desibertsio eta Zigorren mugimenduko helburu garrantzitsuenetakoa bilakatu da.
Kirol arloan BDZ mugimenduak ez du aldarrikatzen boikota talde edota kirolari israeldarren kontra, baizik eta Israelgo estatuaren ordezkaritza lana egiten dutenen kontra. Gauzak horrela, Tel Aviveko Maccabi kanpainia horren helburu argia da, apartheid erregimenaren kirol ikur nagusietakoa baita. Halaxe erakutsi zuten 2009ko urtarrilean, orduan, Israelgo armada “berun urtua” izeneko operazio militarra burutzen ari zela, babesa eman baitzioten publizitate kanpainia baten bidez.
EH-Palestina Sarea (Palestinarekiko elkartasun sarea Euskal Herrian) osatzen dugun eragileok bat egin dugu Maccabiren aurkako nazioarteko boikot deialde horrekin, eta ondorioz, boikot ekimenak sustatu ditugu mail guztietan, halaxe eskatzen baitu BDZ kanpainiak, eta ahalegin guztiak egin ditugu Israeli nazioarteko zilegitasuna emateko kirol ikuskizun horiek normaltasunez gerta ez daitezen. Gure aldarrikapenak gizarteratzeko beste biderik utzi ez digutenez, ahalegin berezia egin dugu Maccabiren partidetan presente egoteko, eta horrela Israelgo estatuaren normaltasun estratejia apurtzeko.
Baina ahalegin horretan neurrigabeko jazarpenarekin topatu gara. Israelgo delegaritzak Gasteiz bisitatu duen guztietan gutxieneko adierazpen askatasun eskubideak urratu dira behin eta berriz. Elkarretaratzeak debekatu egin dituzte, publikoa miatu egin dute modu indiskriminatu batean, Palestinaren aldeko edozein ikur edo propaganda antzeman egin dute inongo justifikazio legalik gabe, ekintzaileak eta zaletuak identifikatu egin dituzte guztiz legalak diren leloak edota ikurrak eramateagatik. Horrek guztiak egiaztatu egiten du gure salaketa, alegia, Tel Aviveko Maccabi, Israelgo ordezkaria izanik, babes diplomatikopean etortzen dela Gasteizera eta, ondorioz, bere jurisdikzioa ezartzen duela. Bestela ezingo litzateke azaldu zer dela eta hartzen diren ilegaltzat Israelgo legediaren arabera baino ilegalak ez diren ikur eta leloak. Testu inguru horretan Israelgo legedia jaun eta jabe denez, gaur egun 6 lagun daude inputatu ikur terroristak erakutsi izana leporatuta, guztiz legalak diren ikur edota leloak jende aurrean erakusteagatik, besteak beste, Palestinako banderak, edota apartheid eta sionismoaren aurkako leloak (bandera eta lelo horiek guztiz legalak dira munduko herrialde guztietan, Israelen izan ezik). BDZ mugimenduko hiru ekintzaileri eta Indar Baskoniako hiru zaleturi 18000 euroko isunak ezarri dizkiete.
EH-Palestina Sarea eta Indar Baskonia osatzen dugunok Palestinako giza eskubideekiko pertsona solidario horiek pairatu duten neurrigabeko jazarpena salatu nahi dugu, halaber, Israelgo delegaritza Gasteizera etortzen den baikotzean ezartzen duten salbuespen egoera ere salatu nahi dugu. Exijitzen dugu Zurbanoko pabilioian adierazpen askatasuna berma dezatela, izan ere, pabilioi hori eraikin publiko bat da. Eta gure konpromisua ere berretsi nahi dugu, Israelgo estatua eta bere apartheid politikei zilegitasuna ematea beste helbururik es duten horrelako kirol ekitaldiak ez daitezen beste inoiz eta beste inon gertatu, harik eta BDZ mugimenduaren oinarrizko aldarrikapenak betetzen ez diren arte.
Euskal Herria-Palestina Sarea (Komite Internazionalistak, Askapena, Palestinarekin Elkartasuna, Paz con Dignidad, Sodepaz, Red Mewando, Ernai, Ikasle Abertzaleak, LAB, Sortu, Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna)
Indar Baskonia
Share this content: